XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dudarik ez da halaber finezia hori eskuarki axalekoa izaten dela, eta ez duela eramaten aukerako beste bizimoduez benetan interesatzera. Hala ere, izugarriki zabalduriko bidaiatzeko ahalbideak, dela soinez dela irudimenaren bidez, ondorioz dakar potentzialki bederen ohartzea norberaren kultura, bere oinarrizko baloreak barne, erlatiboa dela espazioan eta denboran.

Mugikortasun sozialak, hau da, estratu sozial batetik beste baterako mugimenduak, berriz, areagotu egiten du erlatibizazio efektu hori. Industrializazioa gertatzen den toki guztietan, dinamismo berria txertatzen zaio sistema sozialari. Jende masak hasten dira beren kokagune soziala aldatzen, banaka edo taldeka. Gainera, aldaera hau gorantza izan ohi da eskuarki.

Eta mugimendu horrek, ibilbide koxkorra eginarazten dio gizabanakoaren biografiari, ez bakarrik talde sozial batetik beste batzuetara, baizik eta, nolabait esateko, talde horiei datxezkien unibertso intelektualetan zehar ere. Hala, Marca irakurri ohi zuen bulegari katolikoa, El Pais irakurtzen duen exekutibo ttiki agnostiko bilakatzen da; edo errektoreorde bihurtu den halamoduzko irakaslearen emaztea, best-seller-ak irakurtzetik, Proust edo Kafkaz interesatzen hasten da.

Gizarte modernoko mundu ikuskeren aldakortasun orokor hau ikusirik, ez gintuzke harritu behar gure garaia konbertsio-aro legez ezaugarritu izanak. Ez luke harrigarria izan behar beste honek ere: bereziki intelektualek izan dutela jaidura beren mundu ikuskerak errotik aldatzeko, eta gainera harrigarrizko maiztasunaz.

Lehenago sarritan aipatu izan da pentsamendu sistema gotor eta teorikoki itxiek zenbateko erakargarritasun intelektuala duten, esate baterako katolizismoak edo komunismoak. Psikoanalisia ere, bere forma guztietan, konbertigailu instituzionalizatu bezala uler daiteke, zeinetan norbanakoak, bere buruaz duen iritzia ez ezik, munduaz duena ere bere osoan aldatzen duen.

Kultu eta sinesmen berri mordo baten modakotasuna (sofistikazio intelektualeko maila desberdinetan aurkezten dena, bezeriaren heziketa mailaren arabera), gure garaikideen konbertsiozaletasunaren beste agerpen bat besterik ez da. Kasik ematen du gizaki modernoa, eta batez ere gizaki eskolatu modernoa, zalantza iraunkorrean dagoela: bere buruaz bezala, baita bizi deneko unibertsoaren izaeraz ere.

Bestela esanda, erlatibitateaz ohartzea, historiaren garai guztietan segur aski intelektual talde txiki baten jabegoa izana, gaur den egunean kultur egitate hedatua agertzen zaigu, sistema sozialaren behereneko mailak ere hartzen dituelarik.

Erlatibotasun sentsazioa ateratzen dugu, beraz, eta ondorioz dator joera norberaren mundu ikuskera edo Weltanschauung osoa aldatzekoa.

Baina ez genuke eman nahi inpresioa erlatibotasun sentsazio hori eta norberaren mundu ikuskera osoa aldatzekoa, heldugabetasun intelektualaren edo emozionalaren adierazpen direnik. Egia da batek ez lituzkeela sobera benetan hartu behar eredu horren ordezkari batzuk.